miércoles, 21 de marzo de 2012

Gizonezkoen In-dependentzia

   Independentzia, guztion ahotan dagoen hitza. Euskal Herriaren independentzia, gazteon independentzia, emakumezkoen independentzia… Aldiz gizon hitza ez da sekula erabili independentzia hitzaren aurretik. Gizonezkoen independentzia litzateke, ez erabilia. Zergatia? Argia, begi bistakoa, nabaria delako. Hausnarketaren bila.

   Urte asko daramatzat gizon independente omen direnen inguruan. Emakumeek aldiz borrokan dihardute. Igandean, bazkalorduan, amonak bere esperientziatik hitz egin zuen: “Bai, gizonek eramaten zuten dirua etxera” zioen; “Bai, emakumeek etxean egiten genuen lan” jarraitu zuen; “Bai, beraiekiko nahi eta nahiezeko dependentzia genuen”. Dependentzia derrigortua, beste biderik ez zegoen. Argibideen bila.

   Kafeari tragoa eman ostean, eskemak puskatu zizkidan. “Eta beraiek?” galdetu zidan begietara zuzen begira. “Gizonezkoek ez al dute dependentziarik? Joxetxo alargun gera berri da, eta pertsona bat kontratu du. Bazkaria egin, etxea eta baita bera ere garbitu behar ditu, hori ez al da dependentzia? 28 urte daramatzat alargun, laguntzarik eskatu al dut inoiz? Pertsona baten beharrik eduki al dut noizbait? Beste baten dependentziarik al dut? Beraiek bai”. Aldaketen bila.

   Nor da gizona? Etxetik kanpo bizitza gogorra izaten duen hura; etxera dirua iritsi dadin arriskuak jasaten dituena; familiaren motorra. Baina, gizaki indartsua kontsideratzen dugun horrek, ez ditu oinarriak ikasi. Berdintasunaren bila. Dirua jarri dugu beti zuhaitzaren puntan eta gizona da diru iturria. Baina sustraietan aurkitzen den emakumeak badu zer esanik, badu zer ekartzerik, badu gizonezkoen independentzia dudan jartzerik. 

A.Irazusta